Hirugarren aldikotz bildu da Euskal Herriko Foro Soziala 2004ko maiatzaren 1 eta 2an Baionan. Munduko Foro sozialaren izpirituan sortu zen 2002ko udaberrian eta ekainean lehengo ihardunaldiak antolatu ziren, sistema kapitalistari tokiko alternatibak eztabaidatu eta lantzeko asmoz. Ondotik munduan zehar mugimendu altermundialista osaturiko milaka talde, elkarte, sindikata eta herri erakundeen isla diren foro sozialak biderkatu dira kontinente mailan nahiz maila lokalean. Hala nola 2002ko azaroan Firenzen bildu zen arrakasta handiz lehengo europar Foro soziala eta bigarrena urte bat berantago Parise ondoko lau hiritan. Bitartean Baionan foroko bigarren edizioa 2003ko apirilean iragan zen.
Izan daitezen mundukoa, kontinentekoa ala tokikoa Foro sozialek izaera berezia dute, oraindik batzuek gaizki ulertzen dutena. Foroak ez dira koordinakundeak ez eta kongresuak ere. Foroetan ez dira denen izenean erabakiak hartzen edota norabideak finkatzen. Foroak plaza publikoak bezala dira : nehorrenak eta denenak dira aldi berean. Erran nahi baitu edozoin mugimenduk parada baliatzen ahal duela bere ideiak plazaratzeko, beste batzuekin elkartzeko eta beren izenean nahi dituzten erabaki eta norabideak hartzeko. Ekimen berrien sortzaile izan nahi dute Foroek.
Euskal Herriko Foroko 2004ko edizioan urrats inportantea emana izan da. Alabainan sei hilabete lehenago foroa bera eta bere legitimitatea indartzeko, Euskal Herriko 60 bat egiturei laguntzaile batzorde bat osatzeko gomita luzatu zitzaien. 40-k erantzun zuten foroa sustengatuz eta bertan inplikatuz. Horietako batzuek foroaren izaeraz jabeturik, aukera ongi baliatu dute beren lan arloan urrats berriak emaiteko. Atelierrak proposatu eta animatu dituzte. Oro har egitaraua osatuago bat prestatu zen, hiru egunez, filma bat, bi konferentzia, 14 atelier, bi antzerki, musika eta animazioak tartekatuz. Proposamenak aurkeztuak izan dira, partaideak harremanetan sartu dira, eta hitzorduak finkatuak izan dira. Militante aktiboak, informatu edo engaiatu nahi zuten pertsonekin gurutzatu dira. Bestalde iaz hasi ildotik, gizon emazteen arteko harremanak jorratu dira bereziki eta hainbat eztabaiden muinean egon dira.
Euskal Herriko Foroa erreferentzia eta momentu garrantzitsua bilakatzen ari da “bestelako mundu bat posible da” lelo famatua, munduan nahiz hemen bertan errealitate bihurtu nahi duten jende guzientzat.