Partaideak:
Garraioen kontuak alor desberdinetako arazoak hartzen ditu:
Laneko edo aisialdiko eguneroko joan-jinak.
Lan edo turismoagatik egiten diren bidaia luzeak
Merkantzien garraioa (hiruetarik garrantzitsuenak)
Arazo hauek jende guztiak hunkitzen dituzte bizitzan zehar, modu batez edo bestez: langileak, zerbitzuen erabiltzaileak, oporretara joaten direnak, Carrefourren erosketak egiten dituztenak edo, La Redouten eskatu eta, 48 ordu barne etxean jasotzen dituztenak. Garraioena arazoa handia da gure planetaren etorkizunarentzat. Ekoiztera kapitalistak, dirugoseak eta konkurrentziak mugiturik, garraioen hazte neurrigabea ekartzen du. Jario tinkoek, stock ezak, beribilen ekoizleen interesek, petrolio eta lan publikoko entrepresen mozkinek bultzatzen dute horrelako lasterketara. Hots, haren kalte ekologikoak eskergak dira:
harrabotsak, airearen kutsadura, eremuen okupazioa kario pagatzen ditu kolektibitateak, bai diruz eta bai jendeen biziaz. Garraio politika hau jadanik eramangaitza da epe ertainean ekonomia garatua duten jendarteetan, eta ezinezkoa planeta guztira hedatzeko.
Gaurkotasun berezia du garraioen arazoak Euskal Herrian, Pirinioen pasalekua delako: autopistaren zabaltzea, barnealdeko bide lasterra, AHTren (Abiadura Handiko Trena) trenbide berria eta holako proiektuek biztanleen kritikak eta ihardukitzea sustatzen dituzte.
Victor Pachonek ordezkatzen duen elkartea ingurugiroaz arduratzen da, baina aipatu egitasmoek dakartzaten kalte ekonomikoak eta sozialak ere kontsideratzen ditu, eta komunzki neurtzen ez diren beste ondorioak, besteak beste kutsadura, eskualdeen arteko desberdintasuna eta hiri eta baserriaren arteko desoreka areagotzea.
Agintariek derasate Pirinioetan gaindiko zirkulazioa blokatua dela eta ezinbesteko dela bide berriak zabaltzea, hala nola AHT bat, edo beste autopista bat, edo Vignemale peko tunel bat, edo berdin trena eta autobidea bil litzakeen ardatz nagusi bat... Non ez duten denak batera egitea pentsatu!
Garraioak saturatuak direla sinestarazteko alimaleko kanpaina ideologikoa abiatu dute agintariek, eta haien menpeko komunikabideek ere mezu berdina igortzen digute, nahitara nahasiz herritarren beharrak ("Eta nola konponduko naiz ni lanera joateko?") eta merkantzien garraioa ("Kamioi parrasta eta trenak bete mukuru, bat, AHT behar da"). Gezurrezko egien teknika erabiltzen dute: trenbidea zaharkitua dela eta egunero 80 tren ibiltzen direla diote, egiazki 36 baizik ez direlarik. Edo tratularien teknika: autopista bat proposatu lehen, eta gero, ihardukitzaileen aurrean alegia amore ematen dutela, bakarrik lau bideko bat ateratzen dute.
Azpiegituren eskasia eta haien garatzeko beharra baieztatzen du garraioen ministroak eginarazi duen BECKER txostenak. Baina dokumentua aztertuta, CADE-k nabarmentzen du kontraesanez beteak direla eraikitze berriak justifikatzen dituzten neurriak eta kopuruak:
Garapen Kontseiluaren arabera, trenbideak 28 tren gehiago kokatzen ahal ditu. Denak azterturik CADE-k ondorioztatzen du eguneko eta norabide bakoitzeko 43 tren ongi beteak heltzen ahal direla BECKER txostenak 2020 urteko finkatu dituen helburuetara. Txostenak apalesten ditu oraingo azpiegituren balioa eta zirkulazioa hobetzeko gaitasuna. Elkarteak, bere aldetik, kamioei ordainaraztea proposatzen du, diru horretaz oraingo trenbideak hobetzeko. Halaber, CADE elkarteak gaztigatzen digu: Kasu Singapur-ek Portugalen egin gogo duen portuaz, hartatik sartuko baitu bere merkantziak Europan eta, erne ibiltzen ez bagara, kamioiez zabalduko dira bideetan, itsasontziz egin orde, behar luketen bezala. ...
LEIA elkartea 1997an sortu zen Garazin eta bereziki Baigorrin, ibar honetatik pasatu behar zuelarik Nafarroa Garaiko autobideak. Auritzen ere errotu da elkartea, Hegoaldeko autobide zatiaren aurka. Menturaz NIMBY (Not In My Back Yard) sindromeak ekarri du LEIA-ren arrakasta handia; egun, , egitasmoa baztertua delarik lotzan badago, begi bat zabalik du beti, bihar zer gerta ere. Gobernamenduak gibelera egin eta, sekula autopistaren proiekturik ez dela izan diote Intxauspek eta Laserrek; Laserre lau bideko bat aipatzen hasi da, herriak inguratuko dituena. Legebiltzarreko azken hauteskundeen kari, egitasmo horretaz duten eritzia galdetu die LEIA-k hautagaiei eta bat ere ez da alde azaldu. Alabaina, hautatua izan denak ez du ihardespenik igorri...
Halako proiektuen gibelean ezkutatzen diren interesetaz oharrak egin dira. Nafarroako Gobernamenduak, politika dela medio, Euskadiko Autonomia Erkidegoan barna ibiltzen ez den bidetik iritsi nahi du Europara atsolutoki. AHTari dagokionez, Europa dago jokoan; osterantzean, hemengo interesatu bakarrak eraikintzalariak lirateke. Eta gero badira ideologia liberalaren bultzada, elite bidaiariak, oholtza poli-modalak, hirugarren sektoreko enpleguen kontzentrazioa (aseguruak eta). SNCF-k mozkinik ematen ez duten lekuko trenbideak utzi ditu (Arrosatik Iratiko zuraren garraioa errefusatu du, eta Hendaiako zama-garraioren % 12 utzi du). Irabazi ederra ematen duena baizik ez zaio interesatzen, eta ez du baliatzen trenaren alde den giro egokia. Finantza taldeen presio ere hor da.
Parte hartzaile batek NIMBY sindromeari buruz egin oharraz, V. Pachonek ihardetsi du ez dela batere kaltegarria. Norbera hunkitua sentitu ondoan, hurrengo biktimen alde agertzeko joera daukala, sinesgarria izan nahi badu bederen. NIMBY delako horrek kontzientziak iratzartzen ditu eta ingurugiroaren defendatzaileak sustatzen usten ez den lekuetan.
Garapen Kontseiluan garraioen arazoa ikertzen duen batzordearen aburuz, ez dela bide berrien beharrik. Zuzendaritza Batzordeak deuseztatu du iritzi hori eta ez dio helaraziko Hautetsien Kontseiluari. V. Pachon ez da jukutriaz harritu, alabaina, publikoki salatu gogo du.