Euskal Herriko alternatibetaz eztabaidatu aintzin, jakin behar da zer erran nahi duen "globalizazio liberala" hitzak laborantxa munduan. Mundializazioaren kontrakoen definizioa sinplea da: "Herri eta populazioen integratzea da mundu mailan, aduana mugen desagertzearekin jende, ontasun eta diruarentzat". Horrek erran nahi du jendeen funtsezko eskubideak diren "lurra ukaitearen eskubidea eta janari mailako burujabetasuna" diru merkatuen menpe gelditzen direla, eta ez da zinez berri ona.
Mundu osoan mugen idekitze horrek eta ontasunen pribatizazio horrek laborariak lanjerran ezartzen dituzte. Ekonomiko gerla hortan, lurra bera hil ala biziko gaia bilakatzen ari da. Zertako ote? "Mundializazio liberalaren" ibilarazlea diru irabaztea bait da. Orduan multinazionalak, gobernuak baino diru eta botere gehiago ukanik, gatazken erdian dira. Iraken jokoan dena petrolioa baldin ba da eta Txetxenian gas naturala, gauza bera gertatzen da laborantxako ekoizpenekin. Exenplu tipi bat: Kolonbian kontinente osoko lur emankorrenak drogaren ekoizteko erabiliak dira. Horren ondorioa: lehen munduan kafe gehien ekoizten zuen herriak, orain atzerritik ekarri behar du, laborariak beren aitamek utzitako lurretatik kanporatuak izanik. Janari sektoreko multinazionalek maleruski munduko herri ainitzetan helburu bera lortzen dute, baita "OGM"-ak diren arma globalarekin ere. Txinak bere irrisa kanpotik jin arazi beharko ote du? eta Frantziak bere gasna? Hori ez da errealitatetik hain urrun, azi trangeniko multinazionalekhori dute helburu.
Sar hitz horren ondotik, gure lan taldea hasi da, hogoi ta hamar bat partehartzaileek erneki segiturik. Hizlariak dira:
Michel BERHOCOIRIGOIN ELBkoa
Pantxika MAITIA Arrapitz federazionea eta GFAMekoa
Sauveur BACHO Arberatzeko auzapeza
(Europako laborantxa politika den PACaren kritika zorrotz baten bidez, Michel Berhocoirigoinek batzutan harritua gelditzen zen publikoari explikatu dio, "munduaren erosgailu bilaka araztearen" ibilmoldea eta horren desmasiak, Euskal Herrian ere. "Janari mailako segurtasunak, konkurrentzi ez zuzenak (dumping) prezioak azkarki apal arazten ditu, laborarien irabazteak eta lan postuak irriskuan ezarriz". PACaren bilana? Baserriaren hustea Europa osoan. "Ez dezagun ahantz" orhoit arazten du "hemen berean, Euskal Herrian, laborantxa untsa egituratua delarik, heldu diren erretretarat joaiteek etxaldeen erdia segidarik atxemaiteko esperantxa gutirekin utziko dituztela...Globalizazioak ez ditu ez lurraren ardiespena, ez tokiko garapena laguntzen".
Gaur egun dio Michel Berhocoirigoinek, "egoera hil ala bizikoa da". OMCek, zentzu ona ahantzirik, laborantxako produkto ororentzat mundu mailako erreferentzia prezio bat inposatu nahi du". Horren ondorioa "mundu zabaleko laborariendako eta kontsumitzaileendako sekulan izan ez den zorigaitz sozial bat da". ELBko bozeramaileak PACaren politika gogorki gaitzesten du: "laborariak zirimola tragiko batean sartzen ditu: diru laguntza-surprodukzioa (surprodukzioaren ordez sobera ekoiztea?)-zorrak". Lanjer horren aintzinean, huna zer proposatzen duen:
"Janari mailako segurtasunaren funtsezko eskubidea aduana mugen bidez ekoizle tipien zaintzeko".
Gure lan taldean partehartzaileek ulertzeko egiten dituzten indarrak senditzen dira. Laborantxaren harat hunatak konplikatuak dira eta argi da egun bat baino gehio explikazio beharko ditaizkela Pauen, Parisen, Bruselan zein Washingtonen hartutako erabakien eta mundu zabaleko laborarien egoera, bai eta "gaizki jatearen" ondorioak edo baserriaren hustearen arteko lotura zuzenen ulert arazteko. Zertako ez du ELB sindikatak, liberalismoaren aldekoen gisan, merkatuak dituela prezioak finkatu behar pentsatzen? Eskatu eta eskainien arteko borroka hori ez bait da zuzena, gezur bat da, espekulazioa diru merkatueri buruz bezala ibiltzen dena. Hala nola, sobera ekoiztea eta prezioen erortzea bat bestearen ondotik heldu direnean, laborari xumeak desagertzen dira. Gero "eskas antolatuak, kalitatearen desagerpenak laborantxa intensiboari lekua hartzeko parada bat emaiten diote". Hori bera da orain gertatzen Algerian, Senegalen edo irrisa erosle bilakatu den Thailandan! Horrek ekartzen dituen desmasiekin janari mailako segrtasun, osasun eta ingurumenaren mailetan. Hortako du gizarte zibil osoa unkitzen laborantxa politikak.
Jokoz kanpoko galdera? Galdera elgarren arteko loturarik ez duten eremueri buruz dea? Alde batetik laborantxa mailako balentria eta janari mailako segurtasuna, beste aldetik laborantxako enplegua eta baserriko ingurumena? Pantxika MAITIAk explikatzen du: "laborarien laborantxarendako, datu horiek lotuak dira. Arrapitz federazioarendako, salgai ezartzen diren aragi, esne eta arnoaren kalitate ahal bezain hobea da laborantxa herritarrago baten perspektiban gure gogoetaren ildoa". Arrapitz federazioa, Euskal Herrian sortutako 12 egituren arteko sare bat da. Idoki xarta, Etzigar bezelako kooperatibak, Ezpeletako biperraren sindikata, ardiak mendirat eremaiten dituzten artzainen elkartea, Biharko Lurraren Elkartea biologiko ekoizpenen alde edo GFAM eta Lur Hats laborari gazteen plantatzearen alde: biltzeak indarra ekartzen du Administrazio eta kolektibitateen aintzinean solaskide bakar gisa presentatuz, egitura horiek "kalitatearen hobetzerat pusatzen dute, sortherria (terroir) eta lurrari lotura aipatzen dituzteeta luzaroari begira ari dira lanean, bihar iraunen duen zerbaiten egiten...".
Hizlariek bereziki aipatzen dute "familiatik kanpo" gazteen plantatzea, beraz dirurik eta ondoriotasunik gabe. Larzacetik heldu den alternatiba bat: GFAM Lurra. 20 urteren buruan, 15 laborari instalatuak eta segituak, 1500 kideren diru laguntzari esker. GFAMaren ibilmoldearen oinarria biltzar nagusia da, prinzipio batekin; pertsona 1 = boz 1, diru laguntza edozoin izanik ere. Herriko diru laguntza horiek diru aski ez duten langile batzueri lur baten ukaiteko parada emaiten die.
Bai, zeren eta etxalde berri baten ondorioa, enplegu zuzenen sortze edo atxikitzea da, denak baserriko biziaren alde. Hemen zinezko baserriko modelo bart martxan da, zinezko ekonomiatik moztutako zaharkeri bat ez dena. Sauveur BACHOk dioenez: "hemen hiria eta baserria hurbil izanik, ekoizle eta kontsumitzaileen arteko bidea motza da. Hori da kontsumitzaileen nahia, beraz baliatu behar gira". Laborarien laborantxak ezin estimatuzko balore bat ba du: sortherriak, (terroir) zinezko bizi kalitate batekin.
Itsuki merkatuaren jokoan sartzeak, laborantxa industrializatu batekin, baserriaren hustea besterik ez du ekartzen, bere ondorio txarrekin: segurtasun eza eta hirietako etxe-multxo ustelen betetzea. Gainerat hemen Euskal Herrian, "baserriko ekoizle" bat, plantatze berriak sustatzen dituen eta auzo berriak begi onez ikusten dituen ekonomiaren partaide bat da. Bere bizi irauteak aktibitate desberdinak dituen baserri bizi baten ondorioa dela ba daki". Euskal Herrian, gure auto-mugatzeko logistika eta elkartasuna ba ditugu, baserriko irabaziak eta bizia zainduz, erran nahi bait du konpetitiboak izan elkartasuna erakutsiz, munduaz den gisan hartuz.