1. Euskal Herriko Foro soziala, gogoetak sakondu, proposamenak landu, esperientziak trukatu eta lekuan lekuko ekimen eraginkorrak uztartzeko topagune irekia da, neoliberalismoaren kontra eta gizon-emazteak erdigunean kokatzen dituen jendarte baten alde lanean ari diren pertsona, entitate eta herri mugimenduak biltzen dituena.
2. Euskal Herriko Foro soziala lekuko alternatibak landu eta eraikitzeko prozesu iraunkorra da, mundu mailan garatzen ari den prozesu berdinarekin koordinatua eta bertan integratua. ìBeste mundu bat posible badaî, hemen eta orain eraikitzen hasi behar dugu, mundu mailako mirakuluzko aterabiderik goaitatu gabe. Halaber, ìpentsatu globalki, ekin lokalkiî leloaren gauzatzea ezinbestekoa bilakatu da.
3. Ildo honetan ari diren Euskal Herriko pertsona, entitate eta mugimenduek modu desberdin batez ulertu eta bizi dute ìlekukoî dimentsioa eta ondorioz praktika eta antolaketa modu desberdinak dituzte. Hiria, herria, kostaldea, barnealdea, probintzia, Iparraldea, Euskal Herria, 64 departamendua, Hego mendebaldea... Euskal Herriko Foro soziala ainiztasunari eta engaiamendu desberdinei irekia izanen zaie eta bere parte hartzaileen ikusmolde desberdinak errespetatuko ditu.
4. Euskal Herriko Foro sozialean proposatuko diren alternatibek, enpresa multinazionalek sustatu eta haien zerbitzuko ari diren gobernamendu eta nazioarteko instituzioek lagunduriko mundializazio kapitalistari erantzun nahi diote. Alternatiba horiek, Herritar eta nazio guztien eskubideak errespetatu, ingurugiroa zaindu eta justizia sozialaren eta Herrien burujabetzaren zerbitzuan den jendarte proiektu baten oinarriak izan nahi dute.
5. Euskal Herriko Foro soziala jendarte zibileko pertsona, entitate eta herri mugimenduak bilduko ditu soilik, jendarte honen ordezkaritza osoa aldarrikatu gabe.
6. Eztabaida gune gisa, Euskal Herriko Foro sozialak, globalizazio kapitalistak sakontzen dituen desberdintasun eta bazterketa sozialari buru egiteko alternatiben inguruko gogoeta kolektiboa sustatuko du eta horren emaitzak publikoki zabalduko ditu.
7. Esperientzien trukatzeko gune gisa Euskal Herriko Foro sozialak partaide diren entitate eta mugimenduen elkar ezagutza eta onarpena sustatuko ditu, gizon-emazteen bizi beharrei eta naturaren errespetuari lehentasuna ematen dioten iharduera ekonomiko eta ekintza politikoak azpimarratuz.
8. Uztartze gune gisa Euskal Herriko Foro sozialak jendarteko entitate eta mugimenduen arteko harremanak sortu eta indartuko ditu, munduak bizi duen bilakaera larriari erresistentzia ahalmena emendatzeko.
9. Euskal Herriko Foro sozialeko biltzarrak ez dira erabakiguneak izanen.Nehork ez du izanen, Foroaren izenean, bertan aipatu eta partaide guztienak balira bezala, proposamenen aurkezteko eskubidea. Partaideei ez zaie galdeginen erabakiak hartzea, bozkatuz edo beste modu batez, Foroko partaide guziak edo gehiengoa engaiatuko lituzkeen adierazpen edota proposamenei buruz.
10. Hala ere, Euskal Herriko Foro sozialean parte hartuko duten entitate edo herri mugimenduek, bakarrik edo beste partaide batzuekin garatu nahi dituzten ekimenak eta adierazpenak askatasun osoz erabakitzeko eskubidea izanen dute.Euskal Herriko Foro soziala, dituen ahalmen guztiekin, erabaki horiek zabaltzeko engaiamendua hartzen du, inolako norabide, hierarkia, muga edo zentsurarik ezarri gabe, baizik eta entitate horien deliberoak bezala.
11. Euskal Herriko Foro soziala maila lokalean beste mundu baten eraikitzeko lanean ari diren entitate eta herri mugimenduen bilgune anitza da, sare dezentralizatu bat bezala ibiliko dena. Bere partaideek borrokatuko luketen podere gune bat ez da izanen eta ez du inolako nahikeriarik, bertan parte hartuko duten entitate eta mugimenduetako ekintzen uztartzeko medio bakarra izaiteko.