Association des Paralysés de France elkarteak herritasuna eskuratzeko daraman borroka aipatu du, "besteak bezala egiteko" xedeak bultzaturik. Arazoa da dena elbarrituak ez direnentzako pentsaturik dagoela. Elbarrituek, ondorioz, besteek dituzten bitarteko biziki gutti dituzte eskura, "normalitatea" ezin erdietsiz.
Arazo horiek ulertaraztea da erronka nagusia. Eguneroko borroka honek, batzutan, besteak okaztatzen ditu, nahiz eta APFen oinarrizko ideia denek bizitzeko eskubidearen aldeko borroka den, esberdintasunen gainetik. Lehen aldarrikapena denek eskola, lana, osasuna edo aisialdia baldintza beretan eskura dezaten da. Foro sozialera heltzeko ere elbarrituek erres ez dutela nabarmentzen du norbaitek...
Gaur egun indarrean diren politiken panorama aurkeztu da ondoren. Eskubideen benetako berdintasuna bermatzen ez duten publizitate, sasi kanpaina eta lege ez egokiak, besteak beste. Azken lege proiektua, "elbarrituen alde" izenekoa, adibidez, errotik da faltsua, ez baititu eskubideak denentzako berdinki planteatzen. Kritika gogorrak egin zaizkio. APF elkartearen kide batzuren lekukotasunek, ondotik, eztabaida beste leku batera bideratu dute. Azkenik, APFak elbarritu noziotik urruntzea proposatzen du, herritar gisa bakoitzak dituen eskubideak aldarrikatuz. Hortarako, APFak duen esperientzia baliogarria plazaratzea du xedetzat.
Eskoletan haur elbarrituen integrazioa da Seaskako batzordeak aipatu duen gaia. Hasieran haur trisomiko baten kasuarekin abiatu zen iniziatiba, ikastolako lan talde gisa. Haur horiei hezkuntza normala proposatzea da elkartearen helburua, integrazioaren bidez, norberaren identitate kulturala errespetatuz. Badira baliabide legalak hortarako, nahiz eta legea aplikatu nahi ezkero, trabak eta erresistentziak agertu. Kontrajarria den hasierako leloa ikastolen mezuan datza, "baxoan %100 lorpen", integrazioa maila hortan kokatzen baitu. Edozein haur onartzeko bidean, hezkuntzaren helburuak berriz ere mahai gainean ezarri beharko lirateke. Helburua ikastola esberdintasunaren integrazioaren eskola bilakatzea da.
Bitartekoen gaia aipatu da gero, hala nola dirua. Gobernuak neurririk hartzen ez duen bitartean, egiazko sustengu dinamika bultzatu beharra dago. Ildo horretan, partaidetzak eta ekitaldiak antolatu ditu elkarteak. Gaur egun, hamaika dira ikastolan eskolaraturik dauden haur elbarrituak, eta hamabigarren bat bidean dago. Beste eskola bat posible dela erakutsi nahi dute, hortarako benetako politika sozial baten plantan ezartzea galdetuz, baita bazterketa eta desberdintasunari aurre egiteko sare eraginkor bat sortuz. Informazio gisa, badira 1999an Handiscol programaren bidez sorturiko neurriak, haur eta gazteak eskolaratzeko eginak. 08 10 55 55 01 zenbakian topa ditzakezu.
Sorkuntza artistikoa ere aipatua izan da eztabaidan, Traboules Heletako antzerki taldean oinarrituz. Poteo atipikoa antolatu zuten herrian, desberdinak diren jendeen sorkuntza gaitasunari lehentasuna emanez, elbarriaritasunari eman ordez. Turbulences haur autista eta psikotikoak biltzen dituen taldea gomitatu zuten poteora. Iharduera artistikoaren interesa da, beraz, sakoneko gaia. Ez du eginkizun teurapetikorik ; helburua ikuslearen begirada aldatzea da, norbait sorkuntza baten egiten ikusten baitu, elbarritasuna gibeleko planora bidaliz. Bestea bere baitan integratzea da esperientzia hauen helburua. Antza eta eitea dira orduan agerian uzten, bazterkoia izan daiteken esberdintasuna baino. Datorren poteo atipikoa 2005 bukaeran iraganen da, Lucioles konpainiarekin.
Ondotik, eztabaida normalitatearen kontzeptuaren inguruan zabaldu da. Bada dena normalizatzeko joera, dibertsitatearen kalterako. Hitzlari batek baino gehiagok bazterketa arazoak jalgitzen diren hainbat egoera ekarri dituzte gogora, elbarritu, atzerritar edo jende desberdinen bizipenak kondatuz. Itsuen borroka ere aipatu da SESAME elkarlearen lanaren baitatik : liburua ilegalki eskaneatzen dituzte haien mintzairara itzultzeko. Arauaren gaiak ere eztabaidaren itzulia egin du. Komunikabideen ardura, konbentzioen pisua, oztopo ugariak aipatu dira. Baita justiziarekin diren arazoak, edo egoera bitxi batzu, legea mentalitateen aintzinetik dagoelarik adibidez. Batzutan, haur elbarrituen eskolaratze normalak gertatzen direlarik, irakasle eta beste gurasoek dituzte trabak ezartzen. Orohar, egoerak azaltzea eta jendea lasaitzea da lehen eginbeharra.
APF, Jacques Laffitte karrika, 64100 Baiona
Integrazio batzordea c/o Seaska ZI Forum 64100 Baiona
Traboules, c/o Eihartzea 64 240 Hazparne