2004ko edizioa

beste laborantza ganbara bat posible da !

Version imprimable

Hasi aitzin laborarien funtsezko betekizunak oroitarazi dituzte, hots, behar bezainbat kalitatezko jakiak ekoiztea alde batetik eta bestalde baserrialdea okupatu, zaindu eta zaintzea.

Zer dira laborantza ganbarak ?

Izaera publikoko erakundeak dira eta partaide desberdinak biltzen dituzte : hauteskundeen bitartez hautatuak diren profesionalak alde batetik eta bestalde tokiko hautetsi eta Estatuko ordezkariak. Ganbarako misioak bi dira nagusiki : baserri mundu eta laborantzari buruzko arazo guztietaz iritziak eman eta norabideak finkatu, podere publikoek aplikatuko dituztenak eta bigarrenik, jendartearen beharrak kontutan harturik, laborariei beren ekoizpen lanetarako formakuntza eta laguntza ekarri.

Hainbat tasa, zerga eta laborariek ordainduriko zerbitzuek osatzen dute laborantza ganbara baten urteko buxeta. Euskal Herriari aplikatuz gero 1,8 milioi euro suposatuko luke.

Gaurko departamenduko laborantza ganbarak ez du erantzuten Euskal Herriko behar bereziei. Hauxe da ELBko jendeak, eta berrikitan Sarkozy Barne ministroak igorri espertek ere bere egiten duten diagnosia. Zergatik ote ? Azken 30 urteetan FNSEA laborari sindikata eskuindarrak kudeatzen duen ganbarako hautuek ez baitute kontutan hartu euskal lurraldearen berezitasun sozial eta ekonomikoa. Alabaina, garapen bitarteko gehienak artoaren ekoizpenari bideratu dituzte eta laborantza eredu produktibistaren eredua jarraikiz, delako quota eta sariak kontzentratu dituzte.

Ondorioz laborari berrien instalazioen %40a diru laguntzarik gabe egiten da. Laborari tipiak lagundu ordez, ganbarako teknikariek administrazio lanetan pasatzen dute denbora gehien. Haien ordez labore-elikagintzako enpresetako saltzaileek laborariei laguntza eta kontseiluak ematen dizkiete, ekoizpena beren interesen araberan bideratuz noski.

Gaur egun Departamenduko laborantza ganbarak lagundu eta bultzatzen dituen ekoizpenen balore erantsia laborariak ez diren beste eragile batzuek bereganatzen dute. Gisa berean laborari tipiak eta arazo gehien dituzten zonaldeak baztertzen ditu. Hutsune horiek hainbat elkarte, indar sindikal eta militantek dituzte betetzen. Hala nola, kalitatezko ekoizpenak garatuz (etxe mozkinak, laborantza biologikoa...), baserrien kudeaketa et laborantza iraunkorren aldeko laborari taldeak antolatuz edota laborari familiakoak ez diren gazteak laborari bilakatzen lagunduz. Dinamika guzti horrek ez du noski, laborantza ganbarako diru laguntzarik jasotzen.

Iparraldeko Laborantza ganbara alternatiboa

ELB-ko sindikalistek, jendarteko beste sektoreekin batera sustatu nahi duten erakunde alternatiboa beste eredu batean oinarritzen da : laborantza iraunkorra eta ahal bezainbat laborariekin egina, hain zuzen. Laborantza eredu hau ekonomikoki eraginkorra eta sozialki bidezkoa izan behar da, kontsumitzaileak eta ingurumena errespetatuz. Hobesten dituen irizpideak hauek dira : autonomia, transmisioa, banatzailea, naturan txertatua, kalitatezkoa ekoizpenak eta tokiko garapena.

Eredu hori garatzeko Ipar Euskal Herriko laborantza ganbara alternatibo honek hiru zentzutan eraginen du. Alde batetik laborantzaren bilakaera finkatzen duten maila desberdinetako agintari politikoei buruz (departamendua, Erregioa, Estatua, Europa); bigarrenik laborariei buruz, laborantza metodo eta produkzio sisteman eragiteko; eta azkenik lurraldeko beste herritar sektoreei buruz.

Hala nola, baserri munduko arazo guztietaz bere abisu eta iritziak emaiten dituen laborantza ganbarak kalitatezko ekoizpenak, enplegatuen sortzea eta produkzio sistema iraunkorrak laguntzeko erabaki politiko eta diru laguntzen alde jokatuko du, baserri tipi, ertain eta laborantzako lanetan hasi nahi duten gazteei lehentasun emanez. Halaber etxalde guztien segida segurtatuko du, ahal bezainbat laborari lanean atxikiz.

Bestalde laborantza ganbarak ekoizpen, transformazio eta salmenta egitasmo berriak bultzatuko ditu egitura kolektibo batzuen bitartez. Adibidez ekoizle/kontsumitzaile, ekoizle, ofiziale/ saltzaile partzuergoak sustatuko ditu. Zonalde eta laborarien arteko osagarritasuna lagunduko du. Kostalde/Barnealdearen arteko harremanak garatukoa ditu, Hegoalde eta Iparraldearen artekoak era bai.

Nola osatuko da eta nola ibiliko ?

Osaketari doakionez, partaide multzo desberdinak izanen dira : pertsonen multzoak eta batasun profesionalen multzoak. Bestalde kontsumitzaile eta ingurumena zaintzen duten elkarteek ere beren lekua izanen dute erakundean.

Ibilmoldeari doakionez printzipio nagusia da laborariak berak aldaketen eragile izan behar direla, animatzaile eta teknikariek laguntza ekarri behar dietelarik. Ipar Euskal Herriko laborantza ganbaran finkatuko dira norabide politikoak eta hautu estrategikoak. Proiektuak elkarte eta laborariek sortu tresnekin batera gauzatuko dira.

Aurrekondua segurtatzeko ELB-ko sindikalistek hiru iturri lantzeko parada aurrikusten dituzte: jendartearen diru sustengua (indibidualak, elkarteak, enpresak eta abar...) Euskal Herri osoan, nahiz frantses estatuan, ELB partaide den laborarien konfederazioaren laguntzarekin ; proiektu konkretuentzako diru laguntza publikoak (komertzializazio sareak adibidez) eta kostalde-barnealde elkartasun diru laguntzak (uraren kalitatea edota mendialdeko bazterrak zaintzeko).

Egitasmoa presentatu ondoren eztabaida hasi da, horren oinarrian den laborantza ereduari buruz (ekologikoa eta baserritarra, neoliberalisoaren logikaren kontrakoa). Sistema produktibistaren zentzurik gabeko logika esplikatzeko, sindikalistek adibide bat eman dute. Hala nola, esportatzeko artoa landatzen da hemen, kabalentzako belarra inportatu behar den bitartean. Zergaitik ekoizpenak ez aldatu, garraio kutsakorra saihestuz ? Ekoizpenetik kontsumorako bideak laburtu behar dira, zonalde desberdinen artean elkarlan antolatuz. Ageri denez laborantza ganbara alternatiboaren proiektuak hainbat xantier ireki eta aktualitatezko arazoak ere hunkitzen ditu (garraioak, kutsadura, klima aldaketa, kalitatezko elikadura...).

Estatuarekiko kontaktuen berri emana izan da bestalde. Nahiz eta hemengo klase politiko eta jendartearen gehiengoa laborantza ganbararen alde izan, blokaja politikoak irauten du. ELB-ko ordezkariek azpimarratu dute laborantza ganbara alternatiboa ez dutela horiek bakarrik eraikiko. Beren aldetik luze eta sakon egituraren ibilmolde eta funtzioak gogoetatu dituzte bainan hirietako jendearen beharrak kontutan hartu eta haien inplikazioa lortu nahi dituzte. Laborantza ganbara ez da soilik laborarien afera ! Kontsumitzaileen eta ingurumena zaintzen duten elkarteak ere partaide izanen dira, logika korporatista erabat arbuiatzen den egitasmo honetan.

Duela 30 urte ikastolen sortzearekin bota zen desafioa bezain ausarta da oraikoa. Kostalde/barnealde, Iparralde/Hegoalde, Euskal Herria/Frantziaren arteko harremanak landuko dira elkartasun sare bat osatzeko.

2004ko udazkenean abiatuko den laborantza ganbara alternatiboa denen afera da eta bereziki mugimendu altermundialistan kokatzen direnak. Denen inplikazioa behar du. Laborariek motor lana eginen dute bainan ez dezagun dinamika soilik laborarien bizkarrean utz !

Harremanak

-  ELB sindikata Renaud karrika 1 64220 Donibane Garazi
-  05 59 37 21 08
-  sindicat.elb@wanadoo.fr



Ikusi artikulu hau PDFez
Forum Social Pays Basque - 11 rue Pannecau, 64100 Bayonne - contact@forumsocialpaysbasque.org - 05.59.25.79.62