2003ko edizioa

Mugimendu sozialen munduko sarea : Internazional berria ?

Version imprimable

Azken urte hautetan Foroak antolatu dira mundu mailan (adibidez Porto Alegren) kontinente mailan (Florentzia) eta berrikitan maila lokalean, Euskal Herrikoa kasu : bertan parte hartzen dutenek zerbait goaitatzen dute bainan nora buruz doaz foro horiek, zein egituraketa, helburu, jarraipen edota muga ? Ez da dudarik holako foroetan eztabaida aberatsak izaiten direla bainan nola trukatu eta partekatu beste foroetan gertatzen dena ?

Aurreko esperientzien ildotik, internazionalismo molde berri bat baldin bada, , Internazional berri baten bitartez gauzatu behar ote da ? Galdera guzti horiei arrapostu gutti atera dira bainan erantzunak atxemaitea ez zen behar bada helburua. Gauza bat halere argi gelditu da : mundializazio neoliberalak mota desberdinetako arazoen globalizazioa eragiten du eta arazo hauei maila lokalean txertaturiko erantzun globalak atxeman behar zaizkie. Maila desberdinetako foroak erantzun posibleak eztabaidatu, proposatu eta asmatzeko guneak dira.

Lekuko foro batek zertarako balio du ?

Foroak funtzio bat betetzen du jendea hurbiltzen baita zerbaiten bila.
-  Foroen bitartez, "bestelako mundu bat posible delako" ideia hedatzen da
-  Herritartasunaren berreskuratzeko molde bat da foroa

Nola antolatu lekuko Foroa ?

Eztabaidan zehar galdera atera da : Euskal Herriko Foro soziala topagune ala izaera politikoko mugimendua ? Arrapostua bi partetan emana izan da.

Alde batetik antolatzeko moldeari doakionez, pertsonez osaturiko elkarte batek du Euskal Herriko Foro soziala antolatzen. Pertsona horiek edozoin elkarte, sindikata edo alderdiren partaide izan daitezke bainan ez dira antolatzeko batzordean egitura horien ordezkariak. Politikoki Foroa argi eta garbi bestelako mundializazioaren aldeko mugidan kokatzen da baina esparru honetan neurtroa gelditzen da. Bestalde Foroko topaketak nahi duten mugimendu eta kolektiboei irekia zaizkie, antolaketa batzordea batzuen edo besteen alde engaiatua izan gabe.

Zergatik holako formula bat, beste foroetan egitura batzuek (alderdiak salbu gehienetan) antolatzen duten bitartean ?

Ipar Euskal Herriko egoera bereziari aterabide bat atxemaiteko formula da : ez dago egiturarik besteen onespenarekin batera holako foro bat antolatzen ahal duenik, besteak beste, baina ez soilik, antolaketa batzordeko kideek gainditu nahi duten abertzale/ez abertzaleen bereizketagatik. Pertsona horiek pentsatzen dute egitasmoak pena merezi duela, arrakasta erabat segurtatua ez bada ere. Beste foroen logika segituz, antolaketa molde hori tokiko Foroaren funtzioari lotua zaio : bestelako mundializazioaren aldeko mugimenduan topagune eta harreman lekua da. Norberak nahi duena ekartzen eta eramaiten ahal du. Foroak ez ditu beste egiturak ordezkatu nahi edota horien koordinaketa formala izan nahi.

Horrela, tokiko foroak ez du mugimendu politiko edo lekuko indar militanteen koordinaketa bilakatzeko asmorik. Bide hori hartuko balitz oinarrian duen barne oreka hausteko arriskua litzateke.

Foroaren mugak

Bestelako mundializazioaren alde hautua eginez eta iritzi nahiz engaiamendu desberdinak dituzten pertsonen arteko eztabaida zintzoa sustatuz, Foroa ausarta bezain hauskorra da. Bi arriskuren artean ibili behar du : oinarrian duen barne oreka hautsi edo ondoriorik gabeko hitzontzia gelditzea.

Medio urriek ere beste muga bat sortzen dute. Jende eta baliabide guttirekin sortu eta antolatu da orain arte, mugimendu antolatu handien laguntza edo inplikaziorik gabe. Hunkitzen duen publikoa nagusiki jadanik kontzientizatu eta engaiatuak diren pertsonak dira. Gazte gutti hurbiltzen dira. Foroaren zabaltze prozesua premiazko kontua da beraz.

Egitasmoaren zailtasun teoriko eta praktikoa muga garrantzitsua da bestalde. Maila lokaletik globalera pasatzea eta alderantziz, ez da gauza errexa, aldaketa kualitatibo nahiz kuantitatiboak gertatzen direlako.

Foroa nora buruz ?

Lehen aipaturiko oposaketa (foroa topagune bezala/Foroa mugimendu politiko gisa) gainditzeko bidea, parte hartzaileen ainiztasuna eta indarren metaketa bermatuko lituzkeen foro guztien arteko sarea osatzea izan daiteke. Horri begira okerrena litzateke sobera fite joan nahi izatea. Aintzinatu behar da bainan denbora berean ahal bezainbat jendea bilduz.

Bestelako mundializazioaren alde hautua eginez eta iritzi nahiz engaiamendu desberdinak dituzten pertsonen arteko eztabaida zintzoa sustatuz, Foroa ausarta bezain hauskorra da. Bi arriskuren artean ibili behar du : oinarrian duen barne oreka hautsi edo ondoriorik gabeko hitzontzia gelditzea.



Ikusi artikulu hau PDFez
Forum Social Pays Basque - 11 rue Pannecau, 64100 Bayonne - contact@forumsocialpaysbasque.org - 05.59.25.79.62