Komertzio zuzena : liberalismoaren, utopia ote ? galdera probokatzaile honek ireki zuen atelierra. Izan ere, Max Havelaar elkarteari zuzenduriko komertzio zuzenaren kontrako 10 funtsezko arrazoi izeneko dokumentuaren araberan [1], komertzio arrunta bezala litzateke kasik, lehiaketa ez-leiala babestu eta biodibertsitatea murriztuko lituzkelako, kostu ekologikoak ez lituzkelako kontutan hartzen, ekoizpenaren deskulturatzea lagunduko lukelako, ez lukelako ekonomia bertakotzen lagunduko eta saltoki handien jokoa eginen lukelako. Azkenik neokolonialismoaren forma bat litzateke eta menpekotasunaren ideologia indartuko luke.
Ohar eta kritika horiek bortitzegiak edo karikaturalak iduri badute ere, serioski kontutan hartzekoak dira. Komertzio zuzenak izan dezakeen joera praktiko edo politiko maltzurra azpimarratzen dute batez ere ekonomia eta munduko komertzioaren ibilmoldea ezkutatuko balu. Halaber komertzio zuzenak « kontzientzia pakean » izaiteko eta neoliberalismoaren ondorio bortitzenak eztitzeko balio lezake.
Kontrako argumentu horiei erantzun ordez, lankiko partaideek tokiko ekimen desberdin batzuk aurkeztu dituzte.
Stéphanie Marriacciak komertzio zuzenari buruzko iritzi ikerketa bat aurkeztu du, haren bilakaera baikor eta mugak, Frantzia eta beste herrialde batzuk konparatuz. Ondotik berriki idatzi duen gida bat presentatu du, kontsumitzerako jokaera etikoak azaltzeko.
Katia Launay et Maïté Gastambidek Afrika Kolore presentatu dute. Elkarte hau Senegaleko Sadiako komunitate baserritarrarekiko elkartasun proiektu batean oinarritua da. Komertzio zuzenaren printzipioak jarraituz, jantzien ekoizpena sustatu eta salduz, lekuko gaitasun tradizionalak mobilizatzeko xedea du. Egitasmoan gazte eta emazteentzako moldakuntza programa bat ere bada. Aktibitatearen etekinak parte batez komunitatearen proiektuak diruz laguntzeko balio du (ur hodien sarea, osasuna, eskolaratzea, alfabetatzea, elektrizitatearen ezartzea). Bestalde elkarteak hemengo iritzi publikoa hunkitzeko eta elkartasun ekintzak bultzatzeko hainbat ekintzak antolatzen ditu eskoletan nahiz publiko zabalago bati begira.
Chantal Torre eta Jeannette Renardek Angelun, 2001eko uztailetik irekia den Han eta hemen saltokia aurkeztu dute. Lehen lehenik saltoki honek hemen berean komertzio zuzena bultzatu nahi du. Etxeko mozkinen promozionea egiten duten erakunde batzuekin eskuz esku ari da lanean. Haragia, esnekiak (ardi, behi eta ahuntz gasnak, mamia, yaourtak), edariak (sagarnoa, fruitu jusak, arnoa, bertako alkolak), konserbak, barazkiak, xerrikiak eta fruituak atxeman daitezke bertan. Hegoko laborari tipien ekoizpena ere saltzen du Han eta Hemen saltokiak, jaki tropikal desberdinak proposatuz : kafea, dutea, kakao eta txokolata, irrisa, kinoa, erreximentak, fruitu jusak, olioa eta abar. Beren enpresa sortu nahi duten emazteak laguntzeko aurrezki batasun baten sustengua izan zuen Han eta Hemen-ek bainan etekin eskasez, sorturiko lanpostua ez da atxikia izan.
Pascal Muletek Alternatiba elkartearen proiektua aurkeztu du. Amerikar bi multinazionalek saltzen duten edari famatua kola zuzen batez ordezkatu nahi dute tokiko merkatuan eta gazteen artean batez ere. Abiatzeko Kosta Rika-ko kooperatiba baten azukrearekin kola edaria ekoizten duen bretaniar koperatiba baten laguntzarekin kontatzen dute bainan denbora labur barne hemengo edari ekoizle batek eginen du kola alternatiboa.
Proiektu horrek hainbat kritika piztu ditu jendearen artean, Alternatiba-ko kideen zintzotasuna zalantzan eman gabe ere. Multinazionalek egin ordez, bertako lantegi batek egiteagatik edari honen ekoizpena alternatiboa deitzen ahal da. Bainan zuzena deitzeko hainbat irizpide bete behar ditu Komertzio zuzenerako plataformak definitu bezala [2] adibidez : ekoizleari erosteko prezioa, lan baldintzak, produktuari buruzko informazioaren kalitatea, publikoari begirako lana, etab). Halaber plataforma horren partaide izan behar da, oraindik elkarteak egin ez duen urratsa.
Horrez gain edari honen egiteko azukrea komertzio zuzenetik etortzen bada ere, edariaren modeloa zuzena dea ? Mundu mailan ezaguna den edari bat kopiatzea eta maila lokalean bere fama errekuperatzea aski direa produktu zuzena dela erraiteko ? Zertan laguntzen du, gaur egun komertzio zuzenaren definizioan sartzen den tokiko balore et kulturen adierazpena ? Funtsezko eztabaida doi doia hasi da atelierrean...
Kola horren adibidea interesanta da : nahiz eta oraino minoritarioa den, komertzio zuzena publiko gero eta zabalagoa hunkitzen duen iritzi korrontea da. Lehen aipatu plataformak zerrendatzen dituen engaiamendu irmoak eta irizpide zehatzak definitzen dute komertzio mota hau. Molde desberdinetan agertzen da, Euskal Herrian atxemaiten ahal direnak lekuko :
Frantziako federazio baten partaide den Artisans du Monde bezalako elkarte bat.
Afrika Kolore bezalako lekuko elkarte bat.
Bi elkarte horiek komertzio zuzenaren historian kokatzen dira, hots Ipar- Hegoaren arteko elkartasun ildoan.
Han eta Hemen bezalako enpresa komertzial bat, lekuko garapen proiektu bat bultzatzen duena (komertzio zuzenaren ikusmolde berria), Ipar-Hegoa elkartasun proiektu batekin batera. Barnealdean ere gisa bereko beste saltokiak atxeman daitezke.
Komertzio zuzena merkatuaren etapa guztien mekanismo ekonomiko eta finantziarrak aztertzen dituen mugimendu politikoa da : ekoizpenetik, usu milaka kilometrotan gertatzen den produktuaren erosteraino, bitarteko guztiak ahantzi gabe (transformatzaileak, garraioak, administrazioak, saltzaileak).
Trukaketak etengabe emendatzen eta desberdintzen diren garai honetan elikadurari buruzko kezka eta exigentziek, bai eta ekoizpenaren ezaugarri sozial eta ingurumenari loturikoek ere, mugimendu honi lejitimitate eta zentzua emaiten dizkiote.
Galdera guzti horiek aipatuak izan dira lankian nahiz eta denbora eskasez ez diren aski barnatuak izan.