2006ko edizioa

Zentzuduna ote da AHT-ren burdin bide berriari, 2x2-ri eta autopistaren zabaltzeari buru egitea ?

Version imprimable

Hizlariak : CADE elkartea (Victor Pachon), LEIA, eta LURRAZAIN

Iritzi berdintsuak sortzen dituzten gaiak:
-  Prozedura inposatua da
-  Mobilizazioa beharrezkoa da
-  Garraio lasterraren logika elite baten logika da
-  Garraioei buruzko eztabaida orokorra izan behar da Euskal Herrian, mugen finkatzeko
-  Informazio arazoa bada

Iritzi desberdinak sortzen dituzten gaiak:
-  Alternatiba berdinak proposatzen ote ditugu ?

CADE-ren proposamena

Sentsibilitate desberdinak biltzen dituzten alternatibak:

-  Tren pendular batek oreneko 30 km irabaz dezake gaurko burdinbideetan. Estatu Batuetan erabiltzen dute. Tren horren abantaila da bihurguneetan egokitzen dela. Orenka 220 km-ko abiadura lor dezake.
-  Premiazkoa da Europa sozialean salgaien garraioaz gogoetatzea: behar gabeko garraio asko egiten da. Lan sariak ez dira desberdinak izan behar Europako Batasunean (desberdintasunaren ondorioa da Portugaleko gehiegizko garraioa). Kamioi garraioak dakarren kutsadurak 2000 heriotza eragiten ditu urtero. Garraio hori zergatu behar da, trenezkoaren garatzeko; adibidez, Pirinioak Canfranc-etik zeharkatzen dituen trenbidearen berpizteko.
-  Trenen zirkulazioa hobe daiteke haien kopurua areagotuz eta garraiatzen duten zama emendatuz. Hori eginez gero, egunean 7000 kamioi gutxiago behar dira.

Zein dira abiadura handiko trenbideen ondorioak?

-  Hiri handiak lan lekuak izanen dira eta barnealdea lo gune bilakatuko (hizkuntza eta kultura arazoak).
-  Hiri handiak elkarri lotu eta, bazter utziak izanen dira hiri ertainak.
-  Eskaintzaren politika horrek ez du kalitatea kontuan hartzen.

"Lurrazain" elkartearen iharduera

A64 autopistaren trafiko handiari eta kamioi zirkulazioaren % 10ko hazteari buru egiteko, ASF-k (Autopistes Sud de France) duen alternatiba bakarra 2x3ra zabaltzea da. Baina 2020 urteko 5 milioi kamioi aurreikusten dira, eta orduan berriz saturatua izanen da autopista zabaldua. Ondorioak ingurumenak jasanen ditu : ezinezkoa izanen da uraren araudia betetzea; eta zer erran neurtzeko zaila den airearen kutsaduraz?

Autopistaren zabaltzeko behar diren lurren erosten hasia da ASF. Salneurriak metro koadroko 30 zentimotik 80ra doaz. Salneurrien negoziatzeko auzoek banan bana egin dituzten desmartxek ez dute kausitu; elkarrekin arituz geroz, herrian berean bizileku berriak lor litzateke kaltetuek, beren etxeak 200.000 eurotan saltzen badituzte. "Lurrazain" elkarteak auzo horien eskubideak defendatzen ditu, bakoitzaren interesak pisua ukan dezan autopistaren aurrean, "interes publiko"koa bada ere. Horrek elkartasunezko lokarriak sortzen ditu auzoen artean. Lurrazain-ek antolatzen dituen solasaldi eta bilkura publikoei esker, jendeak ohartzen dira arazoa zer den eta bere osotasunean ikusten, bakoitza bere txokoan zingurika egon ordez. Auzo batzuk ekologista bilakatu dira, egunero jasaten baitute kutsadura (bereziki Kurlekukoek), eta horretaz mintzatzen dira besteekin. Lurrazain elkarteak presio tikiak egiten ditu, eta pisu handirik ez du. Zaila da harentzat datu batzuen ezagutzea, hala nola bide sarien mozkinak. Badakigu, adibidez, Urruñan eraikiko duten bide sari uneak 700 milioi euro kostatuko duela.

Baina zertan dago Biriatuko bide sari unearen lekuz aldatzeko egitasmoa?

LEIA eta barnealdeko 2 X 2 errege bidea

LEIA 1998an sortu zen, Aldudeko autopistaren egitasmoaren aurka. Egitasmo hori 2000an bazter utzi zuten eta, haren orde, Arnegi eta Donapaleu arteko 2 x 2 bidea proposatu. Pirinio Atlantiko departamentuaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko itunak aurreikusten du Iparraldean orain dugun bidearen hobetzea aurreratzeko bandak eginez; Hegoaldean, berriz, Iruñetik Arnegirako hiru bandako bide berria egin gogo dute, geroago zabaltzeko xedean.

Lan guztiek, hau da Salizetik Iruñerako bide osoak, 800 milioi euro kostatuko luke, eta haietarik 270 milioi euro Iparraldeko zatiari legozkioke. Dirutza horretaz hiru tunel zula litezke ipar aldean eta bide berri bat egin.

Batzorde permanenteak (52 kontseiluetarik 35ek osatua) bozkatu du lehen fasetik bigarren fasera pasatzea. Testua ez da idatzia. Jadanik 2003an, 65 kamioi pasatzen ziren egunero. Mugaz gaineko egitasmo horrentzat Europako subentzioak eskuratu nahi ditu Nafarroak, baina gaur egunean lehentasuna ematen die Europar Batasunak berriki sartu diren erresumei, diruaren banatzeko orduan.

Trena sustengatu behar ote da, jakinik argi indarraz ibiltzen dela eta horrela "dena nuklearra" justifikatzen duela?

CADE elkarteak ikerketa bat egin du AHT eta "Corail" trena alderatzeko, eta ondorioztatu du bigarrena askozaz merkeago eta ekologikoago dela. Jakin behar da, bestalde, SNCF-k bere zentral propioak badauzkala eta bere beharren betetzeko argi indar sobera ekoizten duela, saldu ere egiten duela. AHT-ek askoz gehiago kontsumitzen du, baita geldirik dagoenean ere. Arazoa da AHT-k hegazkinekin lehian sartu nahi duela; baina hegazkinak ere garestiagoak izan behar lukete ingurumenean egiten duten kutsadura kontuan hartuko balitz.

Biztanleen % zenbati interesatzen zaio garraio hain arina?

Pasaiako lekuan bizi baikara, geuk behar dugu kudeatu hemendik iragaten den trafikoa. A63 autopistaren zabaltzea "interes publiko"ko aldarrikatu izan zenean oso ihardukitze eskasa izan da. Hegoaldean, aldiz, gero eta erradikalagoak dira militanteak.

Proposamenak

AHT-ak jendeak elkarri hurbildu orde elkarrengandik urruntzen ditu. Mugak ezarri behar zaizkio lasterraren lasterketari eta harek eskatzen dituen lan eskergei.

Pirinio osoan altxatu dira jendeak horren aurka. Eztabaida eta solasak zabaldu behar dira, iritzi publikoa mugiarazteko, denek jakin dezaten non diren lan horien kausak eta zer ondorioak dituzten. Zergatik ez gure boza denengana helaraz, "Euskal Herria 2020" garapen planaren bitartez?

Lurrazain-ek autopistako auzoez gain beste jendeak ere bildu behar ditu, eta "dena kamioi" inguruan eztabaidaren sustatzeko. Komenigarria ez ezik premiazko ere da LEIA moduko batasun bat, A63 autopistaren zabaltzearen kontra. Batasun horren iharduera garraioaren arazo orokorrera zabal liteke eta eztabaida publikoaren sortzeko tresna litzateke, baita erreferendum baten eskatzeko ere, erabakitzaileen kontzientzia kitzikatzeko eta haien kritika gaitasunaren zorrozteko.

Orain dugun trenbide sarean salgaiak garraiatzen ahal dira. ASF-k eta SNCF-k enpresa ordezko bat sor dezakete salgaien garraioaren kudeatzeko. Asoziazioek elkarrekin bizi behar dute. 2007an, Europako merkatuen zabaldu eta, Frantziako trenbide sarean ibiltzen ahal izanen dira eragile pribatuak.

Itsas garraioa ere gara daiteke, Baionako portutik.

LEIA eta CADE arteko ezin ikusiak galarazten du alternatiba amankomunen eskaintzea.



Forum Social Pays Basque - 11 rue Pannecau, 64100 Bayonne - contact@forumsocialpaysbasque.org - 05.59.25.79.62