Euskal Herriko Foro sozialeko laugarren edizioa maiatzaren 20, 21 eta 22an iraganen da . Karia horretara, aurreko esperientziak gogoan izanik, Antolaketa batzordeak urrunago joan nahi du :
gero eta jende gehiago bilduz,
publiko ainitza hunkitzen segituz (militanteak ala ez),
laguntzaileen batzordea zabalduz,
atelierren prestaketan nahi duten egiturekin lan eginez,
erran nahi baitu, Foroa Euskal Herrian bestelako mundu posible eta beharrezkoak eraiki nahi dituzten jende guztientzat momentu garrantzitsu, baliagarria eta dinamizatzailea bihurtuz.
Aurten atelierrak hiru funtzioren araberan sailkatuak izanen dira :
Ideiak trukatu (informatu, bere burua formatu, problematika bat ikertu, eztabaidak sakondu...) ;
Alternatibak gogoetatu (zer egin hemen eta orain, beste herrietako esperientzietatik ikasi...) ;
Mobilizazioak prestatu (arlo edo gai bati buruz, aldarrikapen baten alde edo proiektu baten kontrako ekintzak pentsatu...)
Jadanik Laguntzaileen Batzordeko partaide batzuek atelierrak proposatu dituzte, aintzineko urteetan landutako gaiak sakondu eta jarraitzeko besteak beste.
Aurtengo beste berritasuna internet webgunea dugu. Edizio guztien memoria biltzeaz gain, ekimen altermundialistei buruzko informazioa zabaltzeko parada berriak eskainiko ditu. Hala nola :
ekimen, ekintza et mobilizazio publikoen berri azaltzeko gunea ;
Egitura laguntzaileen aktibitate, helbide eta loturak esplikatzeko espazioa bat ;
Eztabaida jarraitzeko edota informazioak trukatzeko solas-zerrendak osatzeko aukera.
Interesatuak diren pertsona guztiei dei egiten diegu. Heldu den edizioaren arrakasta lortzeko bakoitzak laguntza eta sustengu zerbait ekartzen ahal du : aipagaiak edo animazio bat proposatu, lan batzorde batean parte hartu, antolaketan lagundu, dirua eman, egitaraua banatu edota zure lantoki, auzo eta herrian afixak eman...
Interesatua baldin bazira, gurekin harremanetan sar zaitezke telefonoz, emailez edo gutunez.
Laster arte eta ez ahantz maiatzaren 20, 21 eta 22ko hitz ordu garrantzitsua !
Euskal Herriko Foro sozialeko antolaketa batzordeak