Forum Social Pays Basque - 11 rue Pannecau, 64100 Bayonne - contact@forumsocialpaysbasque.org - 05.59.25.79.62 - http://www.forumsocialpaysbasque.org/

Sarkozi legearen urte bateko bilana : kondena bikoitzaren erreforma, atzerritarren atxikitzeen desumanizazioa.

2004ko azaroaren 26an, frantses lurraldean bizi nahi duten atzerritarrei buruzko lege mugatuago eta errepresiboagoa bozkatu zuten. Sarkozy Barne ministroak legeari itxura humanoagoa eman nahi izan zion, kondena bikoitzaren erreforma bat gaineratuz : kanpora ezinak diren atzerritar mota batzuk definitzen ditu legeak. Praktikan nola pasatzen da ? Zertan da egoera atxilotze administratibo zentroetan, mugaratze kopurua bikoiztea helburua delarik ?

Espainiak eta Italiak etorkin klandestinoei paperak eman dizkiete. Ez da ondorioz jende andana bat etorri. Zergatik Frantziak ez ote duen haien adibidea segitzen, Kontseilu ekonomiko eta sozialaren araberan langile eskasa duelarik ?

Sarkozy legeak kondena bikoitzaren printzipioa aldatzeko xedea zuen : atzerritar batek delitu bat egiten badu, presontegiaz gain Frantzitik kanporaketa arriskatzen ditu, frantses herritar batek presontegia soilik arriskatzen duen bitartean. Printzipioa ez da zuzena, atzerritarrari ez baitio ber jendarteratzeko inolako aukerarik uzten.

Kanporaketa bi poderek erabaki dezakete : jujea (podere judiziala) eta Prefeta edo Barne ministroa (administrazio poderea). Erreformak atzerritar mota batzuk babesteko irizpideak finkatu ditu bainan hauek betetzea hain zaila izanik, ez da batere argi kanporatzetik nor espakatzen ahal den. Babes hori kendua da Nazioari erasotzen bazaio, adibidez Frantzian atentatuak egin, ala arrazakeria sustatzen bada. Babesa ez da beraz erabatekoa.

Gaur 5000 lagunek jasaiten dituzte urruntze neurriak. Ministeritzak kanporatze agindua deuseztatzeko galderei ez die erantzuten. Administrazioaren inertziagatik pertsona horiei erreformak eskainitako neurriak ez zaizkie aplikatzen, eskubide osoz baliatzen ahal badituzte ere.

Alta, atzerritar ainitzek, errefuxiatu politikoak edota beren jatorrizko herrian erasoak pairatzen dituzten talde bateko kideak adibidez, kanporatua izaitekotan, bizia arriskatzen dute. Horietako asko aspaldidanik Frantzian bizi eta frantses sentitzen dira. Barne ministroak kontrakoa iragarri badu ere, praktikan kondena bikoitza aplikatzen segitzen dute.

Bestalde ministroak mugaratze kopurua bikoiztu nahi du. Ondorioz atxiloketa administratiboak emendatzen dira, atzerritarrak atxikitzeko zentro gehienek ez dituztelarik betetzen 2001eko dekretu batek finkatu baldintza material minimoak. Kanporaketak emendatzeko, atxikitze epea 12 egunetik 32 egunera pasatu da. Frantzian 23 atxikitze zentro badira. Beste lau TOM-DOM-etan kokatuak dira.

Zenbaitetan burasoak beren haur tipiekin atxikitzen dituzte leihorik eta ibiltzeko espaziorik gabeko zentroetan. Higienezko baldintzak ez dira beti segurtatuak eta kudeatzeko zailak diren zentro handietan, bortxaketak edota mota guzietako erasoak gertatzen dira. Hendaian, gainpopulazioa ekiditzeko borrokatu da CIMADE elkartea eta Prefeta engaiatu da dauden 15 leku baino jende gehiago ez izaitea.

Aspaldidanik hemen bizi diren atzerritarren atxiloketen kontrako erresistentzia entsegua izan da bainan dirudienez murriztuz doa. Kanporatze kopurua emendatzeko borontatea dela kausa, administrazio eta poliziak, atxikiak diren atzerritarrak stock bat bezala ikusten dituzte. Mugaratze industrializazioa gertatzen ari da nolazbait.

Frantses gobernamenduak, garapenerako laguntzak berrikustea mehatxatzen dituzte hegoaldeko herrialdeak, inmigrazio klandestinoaren kontrako borrokan parte hartzen ez badute.

Eztabaida

Nortasun fitxa

CIMADE elkartea 1939an sortu zen, Frantzia hegoaldeko konzentrazio zelaietan bildutako pertsonak laguntzeko. Nazismoaren kontrako erresistentzian parte hartu eta Juduak lagundu zituen. Gerlatik landa, Frantzia eta Alemaniaren arteko ber adiskidetzearen alde lan egin zuen eta ondotik kolonia ohi eta bereziki Algeriako independentzia eta garapenaren alde. CIMADE elkarteak kide, nahianta eta laguntzaile sare zabala du Frantzia osoan. 12 eskualdetan antolatuak diren 60 tokiko talde baditu (800 kide, 105 langile eta 800 laguntzaile). Tokiko talde horiek etorkin eta aterbe politikoa eskatzen dutenak laguntzeko permanentziak atxikitzen dituzte. Halaber Hego nahiz Ekialdeko herrialdeentzako elkartasun egitasmoetan parte hartzen dute.